Bihar Euskal Herria
2006 Maiatza 19
Egunsentiarekinn abiatu gara Euskal Herritik. Bideari ekin diogu, ilunetan. Lanbroartetik, argitasunaren bila abiatu gara. Kataluniara lehenbizi, abiatzear egon daitekeen prozesu baten lekuko izateko asmoarekin. Futbola eta garaipen oihuak besterik ez ditugu somatu. Aurrera goaz hala ere, gure bideak ez du etenik.
Esloveniarako bidea hartu dugu gero. Hiriburuan, Ljubjanan Damjam zai daukagu eta elkarrizketa bat egin asmo diogu, orriotan argitaratzeko. Esloveniarrek ere adi adi jarraitzen diote montenegroarrek aibatutako prozesuari. Tokitan geratu da gari batean osatzen zuten Jugoslavia hura. Aitzindariak izan ziren independentzia prozesuan, jarraitu zituen Kroaziak eta Makedoniak. Eta gerra hotsa zen orduan Europan. Eta etxetik entzuten ahal genituen orduan bonben hotsa bezala, independentzia oihuak ere. Eslovenia gertuagotik ezagutuko dugu gaur, jendea, parajea, kultura, ekonomia… 1S urtetako bide hau ez dute alferrik abiatu. Herri garatuagoa direla esan daiteke, munduari begira dagoen beste nazio bat. Eta begira daude beraiek ere, garai batean anai izan zuten Montenegrok ere prozesu sezesionista abiatu du.
Eta bihar, bihar Montenegroarrek Serbiari lotuta biziko duten azken eguna izan daiteke. Egun handiaren bezpera. Guk ere hori bihar biziko dugu, han Montenegroko hiriburuan. Euskal Herria, Katalunia, Eslovenia eta Montenegro. Bi egun eta lau nazio ezberdin. Prozesu ezberdinak diren arren, nazio libre izatearen asmoak batzen ditu. Kilometroak, hizkuntzak, lurraldeak, kilometroek banatzen badituzte ere, bidea egiten ari diren izaera ezberdineko herriak dira. Eta gu, Euskal Herritik abiatu gara Gogoeta XXI elkartearen ekimenez, eta hemen arreta handiz begiratzen diogu aspaldi abiatu zen prozesuari. Prozesu ezberdina nahi baduzue, baina asmoa gurea bezain duina. Herritarrek erabakitzen dutena izango baita igandetik aurrera Montenegro. Eta astelehena ere ezberdina izango da ziurrenik, bozka egunen biharamuna. Herri bezala, munduan aurkeztuko den eguna.
Eta hori ere isladatzen saiatuko gara gu. Gure argazki kamarek hemengoen aurpegiak isladatzen ahalegina egin beharko dute, hemen bizi ditugun uneen irudi digitalak grabatu beharko dugu, hemen entzuten den independentziaren aldeko arrabotsaren bozgarailu izan beharko dute gure eztarriek. Eta Euskal Herriari eskainiko diogu guztia, idatziz, ahotsez, Internetez. Eta orriotan agertzen duguna, Internet bidez erakutsiko diogu hemen ezagutu ditugun lagunei. Gu gatozen lekutik, han bada herri bat, aspaldian borrokan ari dena bere nortasuna berreskuratzeko, hizkuntza zahar batekin, kultura bizi batekin, ekonomia propioari eusten, herri zahar bat, Europan moderno izan gura duen jendarte bat. Euskal Herria deritzo, you know, Basque Country aipatuz, ulertuko digute. Eta guk ere, da! da! baietz, baietz…. guk ere Euskal Herria izan nahi dugula. Munduko herri bat. Hori da gure bidea.

Iruzkin bat idatzi